}

Agenda

On Zientzia bideo-lehiaketa 2017-2018

Data: 2017/10/18 - 2018/04/25
Ordua: 09:00
Herria: Online

Abian da On Zientzia bideo-lehiaketaren edizio berria. Izena emateko epea 2017ko urriaren 18tik 2018ko apirilaren 25era arte izango da zabalik. Gai zientifiko edo teknologikoei buruzko bideoak aurkeztu daitezke, euskaraz, gazteleraz edo ingelesez, 5 minutu baino laburragoak. Aurten, gainera, dei berezia egin nahi zaie emakumeei eta egile euskaldunei beren bideoak bidaltzeko.

Oinarriak

Elhuyarrek eta DIPCk ON ZIENTZIA bideo-lehiaketaren 8. edizioa antolatu dute, zientzia eta teknologia dibulgatzeko. Teknopolis zientzia eta teknologiaren dibulgaziorako telebista-programaren barruan eratu da lehiaketa.

Publiko-mota guztientzako baliagarriak diren zientzia eta teknologiari buruzko bideo labur eta originalen ekoizpena eta difusioa bultzatzea da lehiaketaren helburua. Gaia guztiz askea da: norberaren edo besteren ikerketak, gizartean edo komunitate zientifikoan puri-purian dauden gaiak, norberaren grina zientifikoak edo teknikoak, zientziaren oinarrizko kontzeptuak, zientziaren mugarriak, pertsonaia historikoak, etorkizuneko edo iraganeko zientzia eta abar.

Parte hartzeko baldintzak

Adin eta nazionalitate guztietako herritarrek har dezakete parte lehiaketan. Bertakoak edo kanpokoak izan daitezke partaideak, mundu osoko ikerketa-komunitatea barne hartuta. Taldeka nahiz banaka hartu daiteke parte.

Partaide guztiek bete behar dute www.onzientzia.tv web-orrian eskuragarri dagoen inskripzio-fitxa. Eremu guztiak nahitaez bete behar dira, eta horietako bat behar bezala betetzen ez bada, partaidea edo taldea lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea du erakundeak.

Izena emateko epea 2017ko urriaren 18tik 2018ko apirilaren 25era bitarte izango da zabalik. Epez kanpo aurkeztutako bideo guztiak automatikoki geratuko dira lehiaketatik kanpo.

Bideoen aurkezpena

Bost minutu baino gutxiago irauten duen bideo labur bat aurkeztu behar dute lehiaketako partaideek, gai zientifiko edo teknologiko bati buruzkoa betiere, euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez.

Bideoak originala, ez-komertziala, telebistan emititu gabea, eta, jakina, dibulgatzailea izan behar du. Horretarako, partaideek (indibiduala nahiz taldea) elementu artistikoak, musika, irudiak edo egoki deritzoten bestelako edozein erabil dezakete.

www.onzientzia.tv web-orriaren bidez aurkeztu behar dira bideoak, 2017ko urriaren 18tik 2018ko apirilaren 25era arte.

Komenigarria da —baina ez derrigorrezkoa— bideoak 16:9 formatuan egitea; izan ere, horixe da Teknopolisen formatua, eta bideo nabarmenenak eta sarituak programan emititu ahal izango dira.

Teknopolisen emisioak irauten duen hilabeteetan —urritik ekainera—, hainbat pertsonaia ezagunek beren iritziz onena den bideoa aukeratuko ahal izango dute. Gonbidatuek aukeratutako bideoak ere Teknopolis programan emititu ahal izango dira.

Bideo guztiak www.onzientzia.tv web-orrian jarri eta ikusgai izango dira.
Sariak

Epaimahaiak hiru sari emango ditu:

Dibulgaziozko bideo onenaren saria: 3.000 euro
Euskarazko bideo onenaren saria: 2.000 euro
Gazte saria (18 urtetik beherakoentzat): 1.000 euro

Euskarazko bideo onenaren saria euskaraz aurkeztutako bideo onenari emango zaio, baldin eta dibulgaziozko bideo onenaren saria lortu ez badu.

Gazte saria 18 urtetik beherako gazteek egindako bideo onenari emango zaio, baldin eta beste bi sarietako bat lortu ez badu. DBH eta Batxilergoko ikasleen parte hartzea
bultzatzea da sari honen helburua.

Aurkeztutako bideoek ezingo dute sari bat baino gehiago jaso. Ezaugarri aipagarriak dituztela eta bideo batzuek aipamen berezia merezi dutela uste bada, antolaketa-batzordeak haiei sari berezia emateko eskubidea du.

Sari-banaketa 2018ko maiatzean izango da, eta Teknopolisen programa berezi batean izango da ikusgai. Sari-banaketaren ekitaldian ikusgai jarriko dira bideo irabazleak, eta epaimahaikideek epaiaren berri emango dute.

2024 - Apirila
al ar az og ol lr ig
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30