}

6. Baztertu begirada hertsiak, hala nola androzentrismoa eta antropozentrismoa

2023/06/07 Elhuyar Zientzia

6-baztertu-begirada-hertsiak-hala-nola-androzentri
Arg. Pernan Goñi

Ebidentzia zientifikoek erakusten dute korrelazio argia dagoela klima-aldaketaren eta generoaren artean. Larrialdiaren ondorioak bereziki larriak dira emakume eta neskatila pobreentzat, adineko emakumeentzat, LGBTIQ+ kolektiboko pertsonentzat, dibertsitate funtzionalen bat dutenentzat, emakume migratzaileentzat eta landa-eremuetan bizi direnentzat. Egoera arruntetan ikusezinak badira, are gehiago larrialdi-egoeretan.

Ikerketa eta politika klimatikoek genero-ikuspegia jaso behar dute, emakumeek sistema androzentristan pairatzen duten zaurgarritasuna kontuan har dezaten. Begirada maskulinoari begirada unibertsal modura iraunarazten badiogu, ikusezin jarraituko dute emakumeen eta bestelako talde zaurgarri batzuen ezaugarriek eta beharrek.

Trantsizio ekosoziala eraginkorrak izango bada, emakumeak erdigunean izan behar ditu, aldaketaren eragile aktibo bihurtuta eta eztabaida ardaztuta. Begirada osagarrien ikuspegia txertatzea ezinbestekoa da ingurumena hobeto zaintzeko, pobrezia murrizteko eta Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko.

Are gehiago, jasangarritasunak gure espeziearen begirada antropozentrista hertsiari ere uko egitea eskatzen du. Antropozentrismoa oso errotuta dago gure gizartean: sinistuta gaude gizakia izadiaren erdigunean dagoela, eta gainerako bizidunak beraren zerbitzura daudela. Ikuspegi horrek naturaren funtzionamendua ulertzea galarazten du, gizakia, naturaren erdian egotetik urruti, makinaria konplexu baten engranaje bat besterik ez baita.

Ekosistemen sare konplexuan, espezie bakoitzak funtzio jakin bat du: batzuk polinizatzaileak dira, beste batzuek materia deskonposatzen dute, beste batzuek lurzorua sortzen dute… Eta denen ekarpenari esker funtzionatzen du sistemak. Ekosistemek nola funtzionatzen duten ulertzea ezinbestekoa da bizidunak interdependenteak garela barneratzeko, gizakiok beste espezieen mendeko dela ikusteko. Beraz, ekologiaren ezagutza zientifikoa zabaltzeak lagundu dezake mendebaldeko gizartearen antropozentrismoa deseraikitzen eta benetako trantsizio ekosozial eraginkor bat bideratzen

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak sustatu eta finantzatutako proiektua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia