}

Juno misioak zikloiak eta magnetismo masiboa aurkitu ditu Jupiterren

2017/05/25 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

jupiterren-zikloiak-eta-magnetismo-masiboa-erakuts
Jupiterren ipar eta hego poloak Arg. J.E.P. Connerney et al, Science (2017)

Juno misio espaziala 2011an abiatu zen Jupiter planeta erraldoirantz, eta iazko abuztuaren 27an barneratu zen lehendabiziko aldiz planetaren atmosferan. Haren orbita hain eliptikoa izanik, Jupiterren ikuspegi berriak eskaini ditu Junok planetara gerturatzean: poloen gainetik pasa da eta 5.000 kilometrora dagoen hodei-geruzan barneratu da. Jupiterren poloetan ekaitzen irudi "kaotikoa" ikusi dute ikertzaileek, Saturnoren aldean oso desberdina, biak planeta gaseosoak izanda ere: Jupiterreko poloak egitura obal distiratsuez beteta ageri dira, Science aldizkarian argitaratu dutenez. Egitura obal horiek zikloiak direla ikusi dute, eta 1.400 km-ko diametroa izan dezakete.

Jupiterren atmosfera sakonaren egitura termikoa aztertu du, eta hor ere espero gabeko egiturak aurkitu dituzte. Ikertzaileek diote amoniakoan aberatsak diren guneak izan daitezkeela, eta amoniako horrek eragin ditzakeela ikusitako ekaitzak.

Planeta gaseosoa da Jupiter, eta misioaren beste helburuetako bat da argitzea ba ote duen nukleo solidoa, hainbat ereduk aurresan duen modura. Hori argituta, jakingo lukete zein material zeuden Eguzki Sistemaren sorrerako lehenengo uneetan, Jupiter izan baitzen sortu zen lehenengo planeta. Oraingoz, Jupiterren eremu grabitatorioa aztertzeak erakutsi du espero zena baino askoz ere eremu magnetiko handiagoa duela.

Aurora boreala Jupiterreko ipar poloan Arg. NASA, ESA eta J. Nichols (University of Leicester)

Zundak Jupiterren auroren eta magnetosferaren datuak ere eman ditu. Planetaren eremu magnetikoak eguzki-haizeak baino indar handiagoa duen eremuari esaten zaio magnetosfera. Ikertzaileek adierazi dute Junok talka-uhin geldikor baten kolpea jaso zuela 2016ko ekainaren 24an magnetosferan sartu zenean. Halako talka bakarra jaso zuenez planetara gerturatu ahala, kanporagoko orbitetan jasotako hainbat talken aldean, ikertzaileek ondorioztatu dute magnetosfera tamainan hedatzen ari dela.

Gainera, poloten gainetik pasa denean, lehenengo aldiz detektatu ahal izan ditu goiko atmosferan ematen diren elektroi-jario handiak, Jupiterren izaten diren aurora erraldoien eragileak. Elektroi horiek banaketa oso desberdina dute Lurrean gertatzen denaren aldean, eta Jupiterrek bere ingurune espazialarekin interakzionatzeko eredu erabat desberdina izan dezakeela iradoki dute.

Juno misioaren informazio gehiago:

Juno da jasotzen duen eguzki-energia bakarrik erabilita Eguzki Sisteman urrutien iritsi den espazio-ontzia

Jupiterren hego poloa argitara

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia