}

Mediterraneoa, gero eta tropikalagoa

2010/04/04 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Inkilino berriak ditu Mediterraneo itsasoak. XX. mendearen erdira arte Mediterraneoan bizi ez ziren 38 arrain-espezie aurkitu dituzte han azkeneko urteetan. Berez klima tropikala duten itsasoetako arrainak dira; eta ez ziren Mediterraneoan bizi, hotzegia zelako hango ura haientzat. Azkenaldian, ordea, epeldu egin da pixka bat. XX. mendearen erdira arte Mediterraneoan bizi ez ziren 38 arrain-espezie aurkitu dituzte han azkeneko urteetan.
NASA

Mediterraneo itsasoa tropikalizatzen ari dela esaten dute adituek. Balearretako Ozeanografia Zentroan egindako ikerketa batean antzeman diete 38 arrain-espezie berriei. Adierazi dutenez, batez ere 1980ko hamarkadatik hona gertatu da inbasioa. Fish Invasions of the Mediterranean Sea: Change and Renewal liburua argitaratu dute, egindako ikerketa eta aurkikuntza guztien berri emateko.

Mediterraneoko biztanle berriak bi eskualdetatik iritsi dira Mediterraneora: batzuk, Ozeano Atlantikoaren eskualde subtropikaletatik eta tropikaletatik, Gibraltar itsasartea zeharkatuta, eta, besteak, berriz, Ozeano Indikotik, Suezeko kanalaz baliatuz.

Berez ez dagozkion arrainak erakartzeaz gainera, Mediterraneoko tenperatura igotzeak aldaketak eragin ditu bertako arrainetan, Balearretako ikertzaileek ikusi ahal izan dutenez. Batetik, ugaritu eta iparralderantz hedatu dira tenperatura epelak gustuko dituzten arrainak, hala nola seriolak. Aldiz, ur hotzagoetan bizi diren arrainak (txanketeak, esate baterako) gutxitu egin dira.

Arrain katua ( Plotosus lineatus ) da 2000. urtetik hona Mediterraneoan agertu den arrain-espezietako bat (Argazkia: AlainFeulvarch).

Lehiarik bertakoen eta kanpotarren artean?

Ingurune jakin batean espezie berriak sartzen direnean, lehiak sortu ohi dira, nor gailenduko. Mediterraneoan ere horrelako norgehiagokak sortzea ez litzateke harritzekoa izango. Izan ere, Balearretako Ozeanografia Zentroko ikertzaileek 2007an idatzitako artikulu batean adierazi zutenez, Mediterraneoan 108 arrain-espezie zeuden, eta horietatik 37 azkenaldian sartutako arrainak ziren; heren bat, alajaina!

Hala ere, ikertzaileek adierazi dute lehia hori ez dela Mediterraneo osoan gertatzen ari; ekialdean bakarrik sumatu dute kanpoko espezieak bertakoak baztertzen ari direla. Egia esan, aitortzen dute ez dela ikerketa konparatibo askorik egin lehia hori aztertzeko, baina esan dute Mediterraneoko faunaren identitatea galtzeko arriskua dagoela. Azken batean, bioinbasioa da eskualde jakin baten berezko biodibertsitatea eta fauna-egitura eraldatzen duen eragile nagusietako bat.

Orain argitaratutako liburuan 38 dira aipatzen dituzten espezie kanpotarrak, baina denak ez dira inbasiboak. Batzuek bai, baztertu dituzte bertako espezieak, Mediterraneo itsasoa beren bizileku bilakatu dutelako, baina beste batzuek, tiburoi-espezie batzuk eta beste zenbait arrain handi, adibidez, sartu-irtenak besterik ez dituzte egiten Mediterraneoan.

Azkenaldian, epeldu egin da pixka bat Mediterraneo itsasoa, eta arrain tropikalak erakarri ditu (Argazkia: CristianoCani).

Arrainak baino gehiago

Balearretako Ozeanografia Zentroan Mediterraneoko arrainekin egin dute azterketa, baina jakin badakite beste hainbat motatako bizidunak ere ari direla mugitzen eskualde tropikaletatik Mediterraneora, hala nola moluskuak (olagarroak, barraskiloak, muskuiluak eta abar) eta krustazeoak, hau da, karramarroak, otarrainak, izkirak eta abar.

Ikerketak, baina, arrainetara mugatzea erabaki dute, besteak beste errazagoa delako arrainak ikertzea bestelako bizidunak ikertzea baino. Batetik, arrantzaleek ustiatzen dituztenez, datu asko jasotzen dituzte haiengandik: zer espezie dauden, zenbat... Eta, bestetik, gainerako bizidunak baino errazago desberdindu daitezke arrain-espezieak, eta horrek asko errazten du kontrol-lana.

Ikertzaileek adierazi dutenez, hemendik aurrera interesgarria izango litzateke ikerketak inbasioen nondik norakoak aztertzera bideratzea, benetan zer aldaketa gertatzen ari diren jakiteko.

7K- n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia