}

Zientziaren alde iluna

2017/12/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Joan den astean, dezenteko zalaparta eragin zuen azukrearen industria eta osasunarekin lotutako ikerketa batek. Haren arabera, sakarosak, hau da, azukre arruntak minbizian eta hiperlipidemian eragiten duela frogatzen zuten ikerketak ezkutatu zituen Estatu Batuetako azukre-industriak.

Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek atera zuten azalera gertatutakoa: Azukrearen Ikerketarako Fundazioak finantzatzen zuen ikerketa batean, azukreak saguen osasunean zituen ondorioak probatzen ari ziren. Emaitzak ez zirenez haien gustukoak izan, finantzaketa kendu eta ondorioak isildu zituzten.

Juanma Gallegok xehetasun gehiagoren kontatzen du auzia Zientzia Kaierablogean. Edonola ere, ezin esan ezusteko handia izan denik, iaz ikerketa-talde berak argitaratutako beste lan batek erakutsi baitzuen, aurretik, sakarosaren eta bihotzeko gaitzen artean zegoen harremana ere ezkutatu zuela azukrearen industriak.

Baina ez da azukrearena horrela jokatu duen industria bakarra. Tabakoarenak eta alkoholarenak ere ezkutatu, nahastu eta desitxuratu izan dituzte haien produktuek osasunean dituzten ondorioak frogatzen dituzten ikerketak.

Saldu duten gezurra hain sinesgarria izan da, ezen oraindik jende askok uste baitu alkohol pixka bat hartzea, kaltegarria ez, baizik eta onuragarria dela osasunerako, nahiz eta azken ikerketek erakutsi duten alkohol-kontsumo apalak ere kalte egiten duela.

Farmazia-industria ere ez da jokotik kanpo geratu, eta berez gaixotasunak ez diren egoera fisiologikoak sendatu beharreko gaitzak balira bezala hartu ditu, haien aurkako erremedioak saltzeko. Horren barruan sartzen dira, besteak beste, loeza, urduritasuna, aspertzea, zahartzea, hilekoa, haurdunaldia, tristezia, kolesterola...

Eta, ezer asmatzera iritsi gabe, Washingtonen egindako ikerketa batean frogatu dute farmazia-industriaren opariak onartzen dituzten medikuek behar baino botika gehiago eta garestiagoak agintzen dizkietela pazienteei.

Horrelako adibideek kezka eta errezeloa eragiten dute osasun-sistemarekiko, eta ez da zaila antzeko jokabide ilunak aurkitzea beste arlo batzuetan, hala nola kimikan, fisikan… Azken finean, pertsonek egiten dute zientzia, eta, beste edozertan bezala, ondo ala gaizki egin dezakete, nahita edo nahi gabe. Zientziaren onerako, ordea, ezinbestekoa da kontrol zorrotzak ezartzea jokabide desegokiak saihesteko. Zientziaren eta gure onerako.

Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia