}

Zika birusak emakume haurdunen immunologia-sistema ahultzen duela frogatu dute

2017/08/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

zika-birusak-emakume-haurdunen-immunologia-sistema
Globulu zurien irudi holografikoak. Ezkerrekoa, osasuntsua; erdikoa, Afrikako Zika birusak infektatuta; eta eskuinekoa, Asiako Zika birusak infektatutakoa. Arg. Suan-Sin Foo, Weiqiang Chen eta Jae Jung

Zika birusak emakume haurdunen immunologia-sistema ahultzen duela frogatu dute Keck Medikuntza Fakultateko ikertzaileek (USC). Ahultze horren ondorioz, birusak ez du oztoporik hedatzeko eta fetuari kalte egiteko.

Ikertzaileek azaldu dutenez, emakume haurdunen immunologia-sistema berez dago ahulduta, gorputzak ez dezan fetua errefusatu. Horrek berak erraztu egiten du infekzioa. Horrez gain, baina, orain ikusi dute Zika birusak globulu zuri batzuk, CD14+ monozitoak, infektatzen dituela, eta M2 makrofago bihurtzen dituela. Makrofago horiek gorputzak patogenoa suntsitu duten seinale izaten dira; hortaz, gorputzak ez dio oztoporik jartzen Zika birusari hedatzeko eta ugaltzeko.

Ikerketan, bi birus mota aztertu dituzte, Afrikakoa eta Asiakoa, eta ikusi dute Asiakoak kalte handiagoa egiten diela emakume haurdunei, mekanismo horren bitartez. Aurretik egindako beste ikerketa batzuetan, berriz, frogatu dute haurdunaldiaren lehen eta bigarren hiruhilekoan gertatutako infekzioetan areagotu egiten dela fetuak anomaliak izateko arriskua. Orain, Asiako Zika birusarekin infektatutako emakume haurdunetan, jaio berrien anomaliekin erlazionatutako bi generen espresioa areagotuta dagoela ikusi dute: ADAMTS9 eta FN1 geneak.

Bestalde, ikertzaileek ohartarazi dute emakume haurdunek ez dutela parte hartzen Zika birusaren aurkako txertoaren saio klinikoetan. Haien ustez, hori akats bat da, bereziki babestu behar direnen artean baitaude emakume horiek eta beren umekiak.

Nature Microbiology aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia