}

Giza karenan ere aurkitu dituzte mikroplastikoak

2024/02/28 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

giza-karenan-ere-aurkitu-dituzte-mikroplastikoak
Giza karenaren ilustrazio historikoa. Arg. "An atlas of human anatomy for students and physicians" (1903)/Jabego publikoa

AEBko ikertzaile-talde batek 62 giza karena edo plazenta analizatu ditu, gas-kromatografia eta masa-espektrometria baliatuta, eta frogatu du lagin guztietan mikroplastikoak zeudela.  Toxicological Sciences aldizkariak argitaratu du ikerketa. Haren arabera, karen batzuetatik besteetara mikroplastiko-kontzentrazioa asko aldatzen da, baina den-denetan aurkitu zuten polimero sintetikoren bat.

Aurkitu duten plastikorik ohikoena eta ugariena polietilenoa da: aurkitutako plastikoen % 54a izateaz gain, lagin guztietan zegoen. Ondotik zetozen polibinil kloruroa eta nylona (%10 haietako bakoitza), eta geratzen den % 26a beste 9 polimerok osatzen zuten.

Ikertzaileek ondorioztatu dute erabili duten metodoa egokia dela mikroplastikoak identifikatzeko eta kuantifikatzeko horrelako ehunetan, eta espero dute erabilgarria izango dela arrisku toxikologikoa aztertzeko.

Aurretik egindako hainbat ikerketatan beste giza laginetan ere aurkitu izan dira mikroplastikoak, hala nola odolean, hesteetan… eta bizidunentzat kaltegarriak direla ere frogatu dute beste zenbaitetan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia