}

Grabitazio-uhin indartsuenen seinalea detektatu dute pultsarren bidez

2023/07/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

grabitazio-uhin-indartsuenen-seinalea-detektatu-du
Zulo beltz supermasiboen bikote batek sortutako grabitazio-uhinen irudikapena Arg. Aurore Simonnet/NANOGrav

Lehen aldiz, maiztasun txikiko grabitazio-uhinen ebidentzia jaso dute, pultsarretan duten eraginaren bitartez. Einsteinek 1916an iragarri zituen grabitazio-uhinak (denbora-espazioaren distortsioak), baina ez ziren baieztatu 100 urte geroagora arte. LIGO behatokiak lortu zuen ebidentzia, eta bi zulo beltzen arteko talkaren ondorioz sortu zirela ondorioztatu zuten.

Oraingoan, NANOGrav behatokiak detektatu ditu, oso bestelako bide batetik: denbora-espazioaren luzatzeak eta uzkurtzeak pulsarren irrati-uhinetan sortzen duten aldaketa neurtu dute. Hain zuzen, pulsarrek segundoko ehunka aldiz biratzen dute, eta irrati-pulsuak igortzen dituzte, maiztasun zehatz batekin. Grabitazio-uhinek, ordea, maiztasun horretan aldaketa ñimiño bat eragiten dute, eta hori neurtu dute 67 pulsarren sare batean. 

Pulsarren maiztasunetan 15 urtez izandako aldaketak alderatuta, ondorioztatu dute aldaketok eragin dituzten grabitazio-uhinak oso handiak direla, inoiz detektatutako handienak. Iradoki dutenez, gertuko orbita batean dauden zulo beltz supermasiboek sortuak dira, eta aurreratu dute seguruenik unibertsoan oso ugariak direla halako zulo beltzen bikoteak.

NANOGraveko ikertzaileek aurreratu dute zulo beltz supermasiboen bikoteak aurkitzea espero dutela, grabitazio-uhinetan oinarrituta. Are gehiago: unibertso primitiboaren grabitazio-uhinak detektatzeko itxaropena ere badute.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia