}

Antibiotikoekiko erresistentzien arazo globala ikusaraztea du helburu Elhuyarrek egindako dokumental berriak

2023/09/06 Elhuyar Zientzia

antibiotikoekiko-erresistentzien-arazo-globala-iku
Dokumentala euskaraz egin da, eta beste hainbat hizkuntzetako bertsioak ere egingo dira. Arg. Elhuyar

Planeta osoari eragiten dion krisia da antibiotikoena, eta medikuntzaren zimenduak kolokan jar ditzakeena. Gero eta ohikoagoak dira antibiotiko guztiekiko erresistentzia duten bakterioen infekzioak, eta ez da erraza alternatibak aurkitzea. Infekzio arrunt bat arazo larria bihurtu daiteke, antibiotikoen erremintarik gabe. Erresistente dokumentalak hainbat esparrutako ikertzaile, mediku eta albaitarien testigantzak jasotzen ditu, eta baita bakterio erresistenteen arazoa pairatu duten pertsonena. Hemen ikusgai, trailerra.

Handitzen ari den krisi honetaz hausnartzea da dokumentalaren helburua. Izan ere, superbakterioek osasun-arazo larri bihurtuko dituzte gaixotasun infekziosoak. Adituen arabera, arazoa SARS-COV-2ak sortutakoa baino larriagoa izango da, medikuntza modernoak antibiotikoak behar baititu ia denerako, eta eraginkor izateari uzten ari dira. Osasunaren Mundu Erakundearen aurreikuspenen arabera, 2050ean, mundu osoan barreiatuta egongo dira superbakterioak, eta minbiziak baino heriotza gehiago eragingo dituzte.

Erresistente dokumentalaren zuzendaria eta gidoigilea Bego Zubia Gallastegi Elhuyarko kazetaria da. “Infekzioa gainditzea lortu dutenen testigantzak hunkitu egingo gaitu, eta, aldi berean, bakterio erresistenteak areagotzearen ondorio larriak plazaratuko ditugu. Horrek arazoari aurre egiten lagunduko digu”. Hitz horiekin laburbildu du zuzendariak Erresistente dokumentalaren muina. “Irtenbidearen zati bat  guztion esku dagoela erakusten du dokumentalak”.

Arazo larria eta globala da, baina adituak irtenbidea bilatzen ari dira. Horren lekuko, dokumentalean parte hartu duten ikertzaileak eta profesionalak: Lucia Gallego Andres, PRANeko kidea eta EHUko Medikuntza Fakultateko ikertzailea; Itziar Alkorta Calvo, EHUko Zientzia Fakultateko irakaslea eta kimikan doktorea; Pilar Domingo Calap, ikertzailea eta Fagoterapian aitzindaria; Maria Neira González, Osasunaren Mundu Erakundeko Osasun Publikoko zuzendaria; Maitane Aranzamendi Zaldumbide, Donostia ospitaleko mikrobiologoa; Patxi Lazkanotegi Muxika, albaitaria; Ana Hurtado Esgueva, animalia-osasunean aditua, NEIKER; eta Nestor Etxebarria Loizate, EHU Plentziako Itsas Estazioko ikertzailea. Haiekin guztiekin batera sartu da kamera laborategietara, landetxeetara, araztegietara, ibaietara eta ospitaleetara, bakterio erresistenteak leku guztietan daudelako. 

Dokumentala euskaraz egin da, eta beste hainbat hizkuntzetako bertsioak ere egingo dira. Fitxa teknikoa eta bestelako xehetasunak Elhuyarren webgunean daude ikusgai. Dokumentala FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa) eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren laguntzarekin egin da; eta EITBren partaidetzarekin. Horrez gain, APIKA Ikus-entzunezko Produktoreen Elkartearen Audiovisual Project LAB egitasmoan parte hartu du. 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia