}

Hiesaren aurkako txertoa: berri onak bai, baina...

2002/01/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

...ez nahi bezainbestekoak. Hiesaren birusaren mutazio-ahalmen ikaragarria dela eta, ikertzaileek oraindik ez dute guztiz eraginkorra den txertoa lortu.

Hasierako txertoek, ohiko txertoen moduan, hurrengo infekzio baten aurrean babestuko luketen antigorputzak ekoitzaraztea zuten helburu. Horretarako, GIBaren azaleko proteinez osatutako txertoak egiten ziren, sistema immuneak proteina horien aurkako antigorputzak egin zitzan, gero gorputzak birus osoaren aurrean babesa izango zuelakoan. Baina GIBak antigorputzen helburu ziren proteinak ezkutatzeko gai dela erakutsi zuen. Gainera, oso azkar eboluzionatzen du eta denbora gutxian sortzen dira azalean beste proteina batzuk dituzten aldaerak.

Hori dela eta, sistema immunearen antzeko jokaera duten txertoak egitera zuzendu dira azkeneko urteetako ikerketak. Adibidez, Merck laborategietako ikertzaileek tximinoen hiesaren birusaren (SIV) ADNa sartu zuten GIBaren azalean. Hasiera batean, birus horrekin (SHIV) egindako txertoak oso emaitza onak eman zituen tximinoetan: 40 egunen ondoren, txertatutako tximinoetan birus-kopurua hain zen txikia ezen ezin izan zuten detektatu. Aldiz, kontrol-taldeko 14 tximinoetatik 13k gaitza garatu zuten. Zalantzarik gabe, inoiz lortutako emaitza onena zen.

Harvardeko Medikuntza fakultateko ikertzaile-talde batek, ordea, antzeko txerto bat probatu du, eta, diotenez, txertoa ez da hasieran uste bezain eraginkorra, denborarekin birusa mutatu egiten delako. Haiek txertatutako 8 tximinoetatik 7 bizirik zeuden bi urteren ondoren. Alabaina, zortzigarrena, 6 hilabete pasatutakoan, hil egin zen. Nonbait, SHIVaren gene jakin baten mutazioa nahikoa izan zen tximinoaren sistema immunearen T zelulek SHIV birusa ezagutzeko gaitasuna galtzeko.

Merck laborategietako ikertzaileen ustean, txerto eraginkorra lortzeko T zelulek ezagut dezaketen proteina-kopurua handitu beharko da. Hartara, batean mutazioa gertatuta ere, T zelulek beste proteinak izango lituzkete helburu, proteina guztiak une berean mutatzea oso zaila baita.

Bestalde, orain arteko saioak tximinoetan egin dira, eta, probatu arte, ezin da jakin gizakietan emaitza berak emango dituzten ala ez.

2001.eko abenduko Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkarian (171. zenbakian) duzu gai honi buruzko informazio zabala.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia