}

Ilargiaren atlas geologiko xeheena osatu du Txinako Zientzien Akademiak

2024/04/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ilargiaren-atlas-geologiko-xeheena-osatu-du-txinak
Txinako Zientzien Akademiaren Ilargiaren mapa geologikoa, orain arteko xeheena. Arg. Txinako Zientzien Akademia/Handout, Xinhua bidez

Txinako Zientzien Akademiak Ilargiaren atlas geologiko berria aurkeztu du, orain arteko osatuena. Hamar urtean, ehun ikertzaile baino gehiago aritu dira hura osatzeko lanean. NASAk Apolo misioetako datuekin egindakoak ziren aurrekoak, eta, haiek baino bi aldiz bereizmen handiagoa du. Guztira, 12.341 krater, 81 arro, 17 arroka-mota eta 14 egitura-mota erakusten ditu, 1:2,5 milioiko eskalan, Ilargiaren gainazalari buruzko oinarrizko bestelako informazioarekin batera.

Akademiaren arabera, mapa berria oso baliagarria da Ilargiaren ikerketa- eta esplorazio-beharrak asetzeko. Hain zuzen, Txinak Ilargian egiten ari den azken misioak arrakastatsuak izaten ari dira, eta etorkizuneko pausoak emateko erabiliko dutela baieztatu dute. Adibidez, laster Chang'e-6 misioa abiatzeko asmoa du, Ilargiaren alde ezkutuko Hego poloko arrokak biltzeko, garai eta mota desberdinetakoak; eta, horretarako, mapa oso lagungarria izango zaiela baieztatu dute.

Izan ere, maparen datuak Txinaren Ilargiaren esplorazio-programan bildutakoekin berretsi dira; bereziki, Chang’e-1 misioarenarekin, zeinak, 2007-2009 artean, Ilargiaren azalera ikuskatu zuen, haren orbitatik. Chang’e-3 eta Chang’e-4 lurreratze-misioek, berriz, Chang’e-1 datuen zehaztasuna egiaztatzen lagundu zuten, azalean bertan jasotako datuekin, baita AEBen eta Indiaren misioek ere.

Akademiak aurreratu du zehaztasun handiagoko eskualde-mapak sortuko dituela, zientzia- eta ingeniaritza-beharren arabera. Bitartean, atlasa Digital Moon plataforman jarriko du, nazioarteko ikerketa-komunitatearentzat eskuragarri egon dadin.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia